XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kontu kontari eta haizto bat sakelean (zernahitarako ere...) izanik, bazihoazen taka-taka.

Bidetxiur horren alboan zegoen hain zuzen ere, mugarri famatua, hots, hiru herrien mugak zaintzen zituen harria.

Honela bada, beste behin ere, eseri zen gainean hirukote hau, betiko pentsamenduak eta esaerak jareginik.

Bidea itzaltsu samarra zenez, jarraitu zuten aurrera.

HERRIGURENgo lurretan zihoazelarik, ZUHAIZTI zeritzan baserrira hurbiltzen ari ziren beti ere.

Baina hara non, baserri hori baino hirurehun bat metro lehenago) eta gurdibide ilun batetan harpausoak hasten ziren unean, makila on bana egitea bururatu zitzaien.

Makilagintzarako gairik onenetakoa, gaztain txertaka izaki noski eta horra non ikusten duten gaztainondo zahar bat ingurua txertakaz betea duena eta gerria huntzez josia.

Egokiera hura galtzerik ez zegoen noski! Belartzar handia zegoen eta sugeei beldurra zieten arren, oinetakoz fidaturik edo... sartu ziren basoan barrena.

Denetarik zegoen han.

Huntza, zuhaitzetik zuhaitzera zihoan zuntoi berriak bilatu nahirik, lianak, belartzarra belaunetan gora, larra, elorriak, asunak, ote mototsak..., baina sartu ziren nolarebait gaztainondo zahar haren oineraino.